948 Merkatua, Nafarroako Arteen Merkatua eta Profesionalen Topagunearen hirugarren edizioa diziplinarteko merkatu eta foro gisa finkatu da, eta, bertan, sorkuntza eta arte diziplina guztiei lekua emateaz gain, diziplina horien denen arteko harremana ere ikusgai jarriko da.
Sorkuntza hibridoaren eta diziplinarteko edukien aldeko apustua egin dugu, uste dugulako diziplina artistikoen arteko elkarrizketatik jaiotzen direla berrikuntzarik interesgarrienak gaur egungo sorkuntzan eta kulturan.
Aurtengoan berritasunak eta aldaketak ekarri ditugu definizio artistikoan eta profesionalean. Eta berrikuntza horien bidez bultzada eman nahi zaie 948 Merkatuari eta Nafarroako kulturari, gure mugetatik haratago hedatzeko. Era berean, lortu nahi da ere hitzordu erakargarri, ireki eta abegikorragoa izatea gurera datozen profesionalentzat.
2019ko 948 Merkatua aurrerapauso bat da, programa hau heldutasunera iritsi eta finkatzeko prozesuan. Programazioaren egitura mantendu den arren, goizez 948 PRO programazioa (hitzaldiak, tailerrak, profesionalen arteko bilerak, eztabaidak, mintegiak, erakustokien zona, networking…) Baluarten eta arratsaldez 948 ART programazioa (arte erakustaldiak) Iruñeko hainbat lekutan bilduta, aurtengo edizioan eredu funtsezkoago eta argiago bateranzko pausua eman dugu. Eta urrats horretan prozesu eta neurri berriak inplementatu dira, definizio artistikoa eta profesionala berritzen laguntzeko.
Hala, 948 PRO programari dagokionez, espazioak eta jarduerak berriro definitu dira, forora bildutako profesionalen parte hartzea eraginkorragoa izan dadin eta bertan gehiago ikas dezaten.
Azaroaren 20an, asteartea, hasiera emango zaio 948 Merkatuari. Ekitaldi bat egingo da Indara klubean, bi ikuskizunekin: “Obsimo” eta “BUMAYE”.
Azaroaren 20an, asteazkena, 13:00etan, 948 Merkatuaren inaugurazio ofiziala egingo da Kultura Zuzendaritza Nagusiaren standean, Nafarroako Gobernuaren ordezkariek zuzenduko duten ekitaldi instituzional batekin.
Azaroaren 20an (asteazkena) eta 21ean (osteguna), 11:30en eta 11:00etan hurrenez hurren, 21 hitzaldi egingo dira 948 Merkatuaren baitan, Baluarteko -1 solairuko Gola, Bulevar eta Corona aretoetan. Ekitaldien hainbat antolatzailek, hala nola Maral Kekejian-ek (Los veranos de la Villa), Samuel Retortillok (Festival Fiver) edo Anselmo Pinillak (Estaciones Sonoras) kultura ondarea, zeharkakotasuna, jaialdiak eta ekintza kulturalaren ikuskera berriak izango dituzte hizpide.
Mónica Zas moderatzaile ariko da azaroaren 20an, asteazkena, 9:30etik aurrera, kulturaren eta sorkuntzaren sektorean garrantzi handia duen gai baten inguruan hausnartu eta sakontzeko topaketa batean. Aipatu gaia da diziplinartekotasuna, eta kontzeptu horren inguruan egituratu da 2019ko 948 Merkatua, hain zuzen. María Ptqk, Maral Kekejian, Juan Pablo Ordúñez / MawatreS gurekin izango dira, “Bistakoenetik haratago: diziplinartekotasuna” hitzaldiarekin.
Estatuko eta nazioarteko adituek emandako lau tailer egingo dira, kulturaren profesionalentzat biziki garrantzitsuak diren gaietan parte hartzeko eta trebatzeko: zabalkundea merkatuetan, diziplinarteko jardunbide kultural eta artistikoaren errealitate juridikoa, edo proiektu bat saltzen lagundu dezaketen aurkezpen hunkigarriak.
Baluarteko hallean egokitutako espazioak, profesionalen arteko lana errazteko eta haientzako elkargune izateko.
Aplikazio honen bidez, aukera izango da hitzorduak adosteko, akreditatuen profil profesionala ezagutzeko, ibilbide profesionalak prestatzeko eta 948 Merkatuari ahalik eta etekin handiena ateratzeko beharrezko informazio guztia eskuratzeko.
Informazio standetarako espazioa, kulturaren arloko erakunde publiko, enpresa eta elkarteentzat.
Artistek eta sortzaileek leku bat izanen dute hemen, ekoizpen prozesuaren hainbat fasetan dauden proiektuak aurkezteko.
Gainerako jarduerekin batera, hainbat bilera egingo dituzte erakundeek edo sektoreko elkarteek.
Nafarroako artearen eta kulturaren sektoreak hitzordu bat du hemen, bertako proiektuak giro atseginean ezagutzeko.
Foru Erkidegotik kanpo eraman litezkeen proiektu artistiko berezien aurkezpena, Nafarroako Gobernuaren Artisten Erregistroan inskribatutako sortzaileen eskutik.
2019ko 948 Merkatua azaroaren 22an (ostirala) bukatuko da ofizialki, 13:00etan, edizio honetako parte hartzaileak bilduko dituen amaiera ekitaldi batekin.
Harpidetu gure newsletter-era 948 Merkatua-ren berrikuntza guztien berri jasotzeko.