es | eu | fr | en

948 Merkatuak eta Uharte Zentroak artistentzako hiru tailer eskaintzen dituzte beren sustapen tresnak inplementatzeko

948 Merkatuak eta Uharte Zentroak  artistentzako hiru tailer eskaintzen dituzte beren sustapen tresnak inplementatzeko
2018ko urriaren 2, asteartea

Nafarroako Gobernuaren Kultura Zuzendaritza Nagusiak eta Uharte Zentroak hiru tailer antolatu dituzte 948 Merkatuaren inguruan (Nafarroako arteen Merkatua). Ikastaro horiek Civican eta Uharteko Arte Garaikideko Zentroan emango dira. Lehenengoa, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Kutxa Fundazioarekin elkarlanean antolatua, astelehenean izango da, urriaren 8an, eta artistei zuzenduta egongo da 948 Merkatuaren bigarren edizioan beren parte hartzea aprobetxatzeko ezagutzez jabetu daitezen. Civicanen egingo da, goizez 9:30etatik aurrera, eta arratsaldez 16:00etatik aurrera.

Salmenta tailer horren helburua da parte hartuko duten banatzaile eta enpresen artean esperientziak trukatzeko eremua izatea, ikuskizunak sustatzearen eta programatzaileekin komunikatzearen egiteko zailari buruz. FiraTārrega arte eszenikoen merkatuaren eta Profesionalen Arloaren arduradun Mike Ribaltak eskainiko ditu lan teoriko eta praktikoko saiook.

Lehenengo bi orduetan, erlazio eta salmenta teknikak, tresnak eta estrategiak berrikusiko dira. Azken ordua proiektuak aurkezteko eta sustapen materialak elkarrekin aztertzeko ariketak egiteko baliatuko da. Ikastaro horrekin, parte hartzaileek arte eszenikoen merkatu desberdinei buruz duten ezagutza areagotuko dute, eta horietan eroso mugitzeko trikimailuak ikasiko dituzte. Trebetasun horiek azaroaren 21ean, 22an eta 23an jarri ahal izango dituzte praktikan, 948 Merkatuan (Nafarroako arteen merkatua), azoken azoka horri ahalik eta etekin handiena ateratzeko. 

Parte hartzeko, profesionalek beren profila bidali beharko dute helbide elektroniko honetara: info@948merkatua.com. Aldez aurreko betebehar horrekin, sarrera doakoa izango da gehienezko edukierara iritsi arte. 

Bere aldetik, Uharte Zentroak, bere programazioaren arabera eta artearen praktika profesionalerako tresna erabilgarriak eskaintzeko eta profesionaltasuna ahalbidetzeko xedearekin, bi tailer antolatu ditu 948 Merkatuaren esparruan. 

Bigarren tailerra Huarteko Arte Garaikideko Zentroan eskainiko da azaroaren 5ean eta 7an, 16:00etatik 19:00etara. “Obligaciones legales, fiscales y tributarias” izenburupean, Eva Moragak (abokatua, bitartekaria eta Arte Ederretako lizentziaduna) hainbat gai egunean izateko moduari buruzko aholkuak emango ditu, hala nola aurrekontuak, fakturak, kontuak edo zergak. Helburua da sektorea profesionalizatzen laguntzea tresna argi eta erabilgarrien bitartez artearen eta kulturaren arloko profesional, partikular eta erakunde guztientzat.

Azkenik, hirugarren tailerra Huarteko Arte Garaikideko Zentroan eskainiko da baita ere, eta azaroaren 12an eta 13an egingo da 16:00etatik 19:00etara. Mikel Cabrerizok eta Lara Molinak azalduko dute nola prestatu txosten on bat lan artistikoa zabaltzeko bitarteko gisa. Artistaren txosten edo portfolioa da beren sormena artearen munduko profesionalei erakusteko tresna garrantzitsuena, eta tailer horri esker, praktikoki landu ahal izango da. 

Lara Molinak hainbat kultur erakunde publiko zein pribatutan lan egin du, proiektu artistikoen hedapena eta garapena sustatuz. Ekoizpen kultural garaikidea du jomuga, baita erakunde publikoen aldetik jasotzen duen babesa ere. Mikel Cabrerizo, berriz, artista bisuala da, diseinu grafikoko elementuak erabiltzen ditu eta artista garaikide ugariren banakako katalogoak egin ditu.

Huarteko Arte Garaikideko Zentroan eskainiko diren bi tailerretarako izen emateak bertako web orriaren bitartez egin daitezke: www.centrohuarte.es

 

 

 

Newsletter

Harpidetu gure newsletter-era 948 Merkatua-ren berrikuntza guztien berri jasotzeko.

Antolatzen dute

Nafarroako Gobernua