es | eu | fr | en

948 Merkatura 8.700 lagun baino gehiago bertaratu dira

948 Merkatura 8.700 lagun baino gehiago bertaratu dira
2017ko azaroaren 22, asteazkena

Nafarroako Arteen Merkatuaren hurrengo edizioa 2018ko azaroan izango da.

948 Merkatuan, alegia Nafarroako Arteen Merkatuaren lehen edizioan, diziplina guztiak bat egin dute lehen aldiz: zinema eta telebista; arte eszenikoak; liburu, disko eta bestelako euskarri batzuen argitalpena; musika; arte plastikoak eta ikusmen-arteak; eta beste sorkuntza- eta kultura-industria batzuk. Nafarroako Gobernuak, Iruñeko Udalarekin elkarlanean, 166 jarduera antolatu ditu azokan, eta hara eta Baluarteko eta Geltokiko bi erakustokietara guztira 8.732 lagun bertaratu dira. 948 Merkatuan 1.080 profesional, artista eta kazetari bildu dira, harreman profesionalak izateko eta prestakuntza-saioetan parte hartzeko asmoarekin. Kultura Zuzendaritza Nagusiak azaldu du lehen edizioaren balantzea “oso ona” izan dela eta bigarren edizioa 2018ko azaroan egingo dutela, Iruñean.

Baluarten, azaroaren 15ean eta 16an, goizez, laborategiak, hitzaldiak, proiektu-aurkezpenak eta bilera instituzionalak egin dituzte, eta, besteak beste, Nafarroa, Euskadi, Errioxa, Aragoi eta Akitania Berriko profesionalek parte hartu dute.

Arratsaldez, berriz, musika, arte eszeniko, arte plastiko, zinema eta telebistako ikuskizunak izan ditugu gozagai Iruñeko espazio kultural nagusietan: Zentral Kafe Antzokia, Gayarre Antzokia, Nafarroako Antzerki Eskola (NAE), Geltokia, Kondestablearen Jauregia, Zitadela, Joaquín Maya Musika Eskola eta Nafarroako Filmoteka. Bi arratsaldeetan Nafarroako kultura-panoramako askotariko proposamenez gozatu ahal izan dute bertaratu diren 2.106 lagunek.

948 Merkatuan liburu, disko eta bestelako euskarrien azokaz ere gozatu dugu, azaroaren 15etik 19ra, Geltokiko txarteldegien zonan. Kultura Zuzendaritza Nagusiak antolaturiko ekimen horretan 27 erakusketarik parte hartu dute. Asmoa zen Nafarroako argitalpen-sektorea sustatzea eta ezagutzera ematea: argitaletxeak, diskoetxeak, prentsa argitaratzen duten enpresak, aldizkariak, Nafarroako Gobernuaren argitalpenak eta autoedizio-enpresak. Gainera, jarduera osagarriak ere izan dira. Geltokian guztira 5.426 lagun izan dira bisitan.

948 Merkatuan parte hartu duten profesional eta artistek, hitzorduak kudeatzeko aplikazio baten bitartez, 248 bilera hitzartu dituzte. Aplikazioak, gainera, ikusleekin eta gainerako profesionalekin harremanetan aritzeko zerbitzu bat du, eta partaideek 2.000 mezu baino gehiago bidali dituzte.

Lehen edizioak harrera ona izan duenez, Nafarroako Arteen Merkatuak euroeskualdeko ereduzko topaleku eta estatuko arte-ekitaldi profesional garrantzitsu bihurtzeko helburua berretsi du.

Newsletter

Harpidetu gure newsletter-era 948 Merkatua-ren berrikuntza guztien berri jasotzeko.

Antolatzen dute

Nafarroako Gobernua