es | eu | fr | en

Gansúko (Txina) ordezkaritza batek 948 Merkatua ekimenaren 2019ko edizioan parte hartzeko interesa agertu du

Gansúko (Txina) ordezkaritza batek  948 Merkatua ekimenaren 2019ko edizioan parte hartzeko interesa agertu du
2018ko urriaren 1, astelehena

Nafarroako Gobernua Txinako probintzia horretan da aste honetan, trukerako harremanak sortzea helburu duen bidaia instituzional baten buru, eta bertan agertu du interesa aipatu ordezkaritzak.  

Bidaia horren baitan, bilera bat egin dute kultura eta turismoa ardatz hartuta, eta Vianako Printzea Erakundea-Kultura Zuzendaritza Nagusiko Kultura Sustapen eta Berrikuntza Ataleko buru den Estefanía Munarrizek 948 Merkatua – Nafarroako Arteen Merkatua aurkeztu du bertan. Munárrizen azalpenaren ostean, Txinako ordezkaritzak 2019ko edizioan merkatua bisitatzeko interesa agertu du. Merkatu hori, 2017an egin zena lehen aldiz, Foru Komunitateko kultura eta sormen industrien hedapenerako espazio gisa eratu da, eta helburutzat du sektoreko profesionalentzat Europako hegoaldeko erreferentziazko topaleku bihurtzea.

Asiako programatzaileek oso izen ona dute nazioarteko azoka garrantzitsuetan, hala nola Kataluniako Tarregako Arte Eszenikoen Nazioarteko Azokan, eta haiek 948 Merkatuan izatea oso garrantzitsua izango litzateke azokaren garapenerako.

Kulturaren arloan, bidaiaren helburua Gansúko probintziarekin nolabaiteko lotura ezartzea izan da, harremanetan jarriz agintariekin eta dinamizatzaileekin, baita arte eta kultura industrietako ordezkariekin ere, Nafarroa Txinako Herri Errepublikako kultura zirkuluetan txertatzeko. Ildo horretan, 948 Merkatua - Nafarroako Arteen Merkatua aurkeztu da, haren programazio eremura eta eremu artistikora heltzeko, eta Nafarroako kultura eta sormen sektoreak Txinan hedatzeko zer aukera dituen aztertu da.

Bestalde, bileran nazioartean hedatutako kultura ibilbidetzat aurkeztu da Donejakue Bidea, eta Zetaren Ibilbidearekin izan ditzakeen sinergiak aztertu dira. Kontuan hartuta bi ibilbideak Gizateriaren Ondaretzat aitortuta dituela UNESCOk, elkar ezagutza sustatu nahi izan da, bi bide historikoen arteko lotura ezartzeko.
 

Newsletter

Harpidetu gure newsletter-era 948 Merkatua-ren berrikuntza guztien berri jasotzeko.

Antolatzen dute

Nafarroako Gobernua