es | eu | fr | en

Iruñeak 2018ko azaroaren 21, 22 eta 23an hartuko du 948 Merkatua, Nafarroako Arteen Merkatuaren bigarren edizioa

Iruñeak 2018ko azaroaren 21, 22 eta 23an hartuko du 948 Merkatua, Nafarroako Arteen Merkatuaren bigarren edizioa
2018ko otsailaren 15, osteguna

948 Merkatua, Nafarroako Arteen Merkatuaren bigarren edizioa 2018ko azaro-bukaeran egingo da Iruñean.

Azaroaren 21, 22 eta 23an, 948 Merkatua elkargune izango da berriz ere Nafarroako eta beste erkidego batzuetako sorkuntza- eta kultura-industrietako profesionalentzat. Hala, Nafarroako kultura-arloko profesionalak estatuko beste eskualde batzuetako nahiz nazioarteko profesionalekin harremanetan egongo dira. Goizetan, azokaren jarduera Baluarte, Iruñeko Kongresu Jauregi eta Auditorioko gune profesionalean bilduko da. Diziplina desberdinen arteko elkargune eta elkarrizketa-leku izango da: zinema eta ikus-entzunezkoak, arte eszenikoak (antzerkia, dantza, zirkua...), musika, liburu, disko eta beste hainbat euskarriren edizioa, arte plastikoak eta ikusmenezkoak eta sorkuntza- eta kultura-arloko beste industria batzuk (arte-prototipoak, moda, diseinua, arkitektura eta lanbide berriak).

Horrela, Baluarte berriro bihurtuko da prestazio- eta informazio-gune, eta lankidetzak sortzeko eta trukean eta berrikuntzan oinarritutako proiektuak garatzeko leku.

Arratsaldeetan, bestalde, erakustaldiak eta “showcase” izenekoak egingo dira urte osoan hiriko kultura-jarduera mugiarazten duten Iruñeko hainbat kokapenetan.

2017an egindako lehen edizioan Foru Komunitatearen mugakide diren lurraldeetako (Aragoi, Euskal Autonomia Erkidegoa, Errioxa eta Akitania Berria) agente espezializatuei erakutsi zitzaizkien Nafarroako kulturaren esparru profesionaleko produktuak. Bigarren edizioaren helburua hauxe izango da: 948 Merkatua erreferentziazko elkargune bihurtzea gure kultura- eta arte-produktuak erakusteko, ezagutza trukatzeko, proposamen berritzaileak erakusteko eta Euroeskualde osoko arteak sustatzeko: Nafarroa/Akitania eta Euskadi, eta baita Aragoi eta Errioxa ere.

Newsletter

Harpidetu gure newsletter-era 948 Merkatua-ren berrikuntza guztien berri jasotzeko.

Antolatzen dute

Nafarroako Gobernua